top of page

Nagore Gonzalez: “Nik beti ditut oinak lurrean, ez noa ametsen atzetik zoroen antzera eta badaezpada beste bide bat eraikita daukat”

 

Txurdinagan hazi eta hezi den aktorea da Nagore Gonzalez. Orain dela 10 urte hasi zen Nagore antzerki tailerrean eta ez da gelditu gaur arte. Goenkale telesaioko azken denboraldian egon da baina hala ere, ez du bere burua pertsona famatutzat jotzen. Arte ederrak ikasi zuen eta orain, magisteritza bukatzen dabilen bitartean, erlojuaren horratzen aurkako lasterketa bat balitz bezala, taberna batean lan egiten du baita Goenkalen aktuatu ere.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Goenkale zure esperientziarik emankorrena izan ahal da?

 

Ez dakit, nire lehenengo esperientzia izan da telebistan, bakarra. Asko ikasi dut, beraz, oso emankorra izan da sekulako erronka izan delako baina beste zenbait proiektu ere oso emankorrak izan dira.

 

Zein generotan mugitzen zara hobeto?

 

Askotan barre eginaraztearen beldur garela uste dut. Horregatik, askotan entzun dut aktoreek pentsatzen dugula drama hobeto egiten dugula. Hala ere, proiektuan sinestuz gero ni beti sentitzen naiz eroso. Goenkalen eduki dudan papera komikoa zen,  hala ere gero ikusi izan den bezala Paolak (Goenkalen bizitza ematen dion pertsonaia) badu bere bihotza eta erregistro horretan ondo sentitu nintzen grabatzen. Horregatik diot proiektuan edo gidoiarekin eroso banago berdin zaidala generoa.

 

Goenkaleko azken denboraldian egotea harrotzeko moduko gauza izan ahal da. Hala da zuretzat?

 

Bai. Gainera, Goenkalerako deitu zidatenean nire pertsonaia bazegoen idatzita eta grabaketaren nire azken egunean produktoreak deitu zidan pertsonaiaren egonaldia luzatuko zutela esateko. Azkeneko zatiko gidoiak berridatzi zituzten orduan eta hori bai izan zen sekulako ohorea.

 

    Gainera, kasting-a egin nuenean, pertsonaia poloniarra zen. Teleberri poloniarrak ikusten aritu nintzen azentua lantzeko.  Euskara Poloniako azentu batekin nahastuz egin nuen froga eta beranduago haien gustukoa izan nintzela esanez deitu zidaten. Hala ere ez ninduten eman poloniarraren papera nire itxurak ez zuelako bat egiten. Pertsonaia bat aldatzea niri paper bat emateko beraz ohore handiago bat izan zen..

 

Irudi oso pertsonala duzu orrazkeragatik. Zer eskaini behar dizute 12 urteko rastak ebakitzeko?

 

Momentuz ez daukat buruan rastak moztea. Baina gustatuko litzaidake proiektu on baten trukean izatea. Ikus-entzunezko proiektu handi baterako, gero nire irudi berria gordeta gelditzeko. Nire beldurra da rastak moztea eta hurrengo egunean norbait deitzea rastadun neskagatik galdetuz. Nire ikurra da eta azkenean telebista irudia da. Orain ile honek ixten dizkit bide asko, modan dauden telesailak garaiko direlako, 20-30 hamarkadakoak eta nik hor ez daukat lekurik nire itxuragatik.

 

Telebista eta antzerkia aukeratzekotan…

 

Ezberdinak dira, ez dakit. Nahiz eta diziplina berdina izan oso kontrakoak dira. Adibidez, antzerkian prestaketa handia daukazu eta antzezterako orduan intentsitatea eta gozamena oso altua da baina gero desagertu egiten da. Aldiz telebistan, prestaketa arinagoa da, edo behintzat nik egin dudan telebista mota. Platoa oso intentsua da ere baina gero daukazun produktua ikusterakoan ez da horren kitzikagarria baina denboran irauten du. Orduan, ezin dut aukeratu, lan biak gustatzen zaizkit pilo bat. Hala ere, telebista injustuagoa dela uste dut, grabatzeko daukazun denbora oso zehatza baita, oso arina da eta eszenak errepikatzeko aukera gutxi daude.

 

Ate berriak ireki al dizkizu telebistak?

Momentuz ez zait irten lan bat Goenkalegatik. Momentuz esaten dut, hau ez baita egun batetik bestera gertatzen. Azkenean Goenkalen agertzeak BideoBook on bat izatea kalitate onezko irudiekin izatea eragin dit. Jendeak gehiago ezagutzen nau, baina nik uste dut Bilbon zailagoa dela, herri euskaldunagoetan agian gehiago ezagutuko ninduten. Bilbon gehienez 10 pertsona hurbildu dira niregana, askotan jendea ere lotsatu egiten da, lotsatu edo errespetuagatik ez dira hurbiltzen. Nik ez dut hori igarri, ez naiz pertsona famatu bat, ez naiz eta ez naiz sentitzen, ni oso lasai bizi naiz.

 

Baduzu politika pertsonalik lanak hautatzerako orduan?

 

Behin esan nion gauza bati ezetz. Kanpaina elektoral batean, alderdi politiko batek eskatu zion nire konpainiari aktoreak biltzea baina  ez nuen onartu. Hala ere, orokorrean ez daukat horrenbesteko eskaintzarik zerbaiti ezetz esateko. Baina esan dudan bezala, proiektuan sinestu behar dut.

 

Nortzuk dira zure aktore-erreferente?

 

Interpretazioan ez naiz sartuko, baina Maribel Salas esaterako. Aktorea izan da betidanik baina izan ditu bere gora beherak ere. Baina benetan baloratzen dudana pertsona moduan nolakoa den da. Oso pertsona xumea da, aktore izateko duen modua erreferente dut.

Non ikusten duzu zure burua 5 urte barru? Zein da zure ametsa?

Nire ametsa honetatik bizitzea da. Momentu honetan antzerkiak ez dit jaten ematen,  baina apustu bat egin behar duzu. Proiektu bat amaitzean beste bat hasiko dela jakitea izugarria izango litzateke, hori delako zailena. Momentu batean lana duzu, goian zaude baina amaitzerakoan sentitzen duzun hutsunea sekulakoa da. Ni beti nabil antzerkietan, baina Goenkale amaitzean eduki nuen “post-telebista depresioa” oso handia izan zen. Nik beti ditut oinak lurrean, ez noa ametsen atzetik zoroen antzera eta badaezpada beste bide bat eraikita daukat.

 

Osvaldo Navia: "Oso pozgarria da ezezagunak zurekin eskuzabalak direnean ibilbidean zehar"

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Osvaldo Naviak, Getxon bizi den Txiletarra, bere jaioterria bizikletaz gurutzatu du. Txileko errepide nagusiena, “Ruta 5” deritzona, jarraituz herrialde latinoamerikarra berezagutu du  familiar eta lagun zaharrekin berriro biltzen zen bitartean. Ez du haren buruaren bilatzeari ekin, oso ondo ezagutzen omen delako, baina abentura hau erronka fisiko eta mental handia izan da txirrindulari Txiletarrarentzako. Begoñako Udal-Zentroan bere bidaiaren nondik-norakoak azaldu ditu.

 

Nondik dator Txile  guratzatzen duen “ruta 5” ibilibidea bizikletaz egitearen ideia?

 

Lehenik eta behin, motorrez egitea pentsatu nuen. Hori zen nire amets idilikoa. Baina orain dela bi urte bizikleta tailer  bat zabaldu nuen. Horrekin batera, bizikleta elkarte bat eratzea eta bizikletaz ibilbide bat egitea ziren nire hurrengo helburuak. Gauza guzti hauek nahastu nahi nituen esperientziak ateratzeko. Behin tailerra zabalduta, bizikletaz bidai bat egitearen ideari ekin nion. “Ruta 5” aukeratu nuen, nagusiki ni Txiletarra naizelako eta herrialde bat beste era batean bizitzeko aukera ematen zidalako. Horrez gain, bizikletak esentziara joateko aukera ematen zidan, herrialde bat zentimetroka  ezagutzeak nire aberriaz gozatzeko beste modu bat suposatzen zuen. Halaber, kirol-erronka handia zen ni bezalako kirolari batentzako eta nire Txileko familiarekin egoteko aukera eman zidan.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Zein izan zen zure familia eta lagunen erreakzioa zure projektuaz lehen aldiz hitz egin zenuenean?

 

Ero nengoela erantzun zidaten lehenengoz. Baina  zure arrazoiak azaltzen dituzunean ulertzen dute. Nire emazteak berehala ulertu zuen dakielako mugitzea eta bidaiatzea nire esentziaren parte dela. Gainera, hau ezinezkoa zen nire euskal familiaren babesa izan gabe, bi seme-alaba ditut eta nire aita-amaginarreben  laguntza ezinbestekoa zen. Txileko familiarrei dagokienez, oso ondo hartu zuten, haiekin egoteko aukera ematen zidalako. Lagunek, berriz, sorte handia neukala esan zidaten.

 

Momenturen baten ibilbidea uzteko eta etxera bueltatzeko gogoak izan zenituzten?

 

Lehenengo egunean, kar, kar, kar. Iparraldetik hasi nintzen eta Txileko Iparrak 50 graduko tenperaturak ditu. Ez neukan eginda ibilbide honen zailtasunera ailegatzen den erronkarik. Nahiz eta asko entrenatu ez zaude prest, batez ere baldintza  klimatikoegatik. Burua ondo funtzionatzeak zeresan handia du magnitude honetako froga batean eta lehenengo egunetan asko kostatu zaidan. Hala ere, gero ohartzen zara eskatu duen programazio eta ahalegin guztiaz eta ezin duzu abentura pikutara bidali. 

 

Zeintzuk izan ziren unerik gozoenak?

 

Oso pozgarria da  ezezagunak zurekin eskuzabalak direnean ibilbidean zehar. Bere etxeetan hartzen zaituzte eta janaria ematen dizute, asko eskertzen da. Horrez gain, aurrera egiten nuela, familiarrekin eta orain dela denbora asko ikusten ez nituen lagunekin egoten nintzen, momentu oso politak egon ziren.

 

Eta zailenak?

 

Segurtasun falta somatzen duzunean. Batez ere iparraldean, ez dut sekula bide hori errepikatuko. Meatzaritza zonalde  bat da eta hortik kimikoak edo azidoak garraiatzen dituzten kamioi asko daude. Txilen, bazterbidearen segurtasun distantzia metro batekoa da bakarrik eta susto pare bat izan nituen kamioi horiekin. Momentu horietan galdetzen diozu zure buruari ea merezi duen arrisku guzti horiek hartzea, baina behin etapa horietako estresa pasata ez zegoen trafiko handirik eta askoz lasaiagoa izan zen.  

 

Zure istorioa entzutean ezinezkoa da burura ez etortzea Ernesto “Che” Guevararen “Diarios de motocicleta” liburua. Bereziki erakargarria da Latinoamerika horrelako ibilbideak egiteko?

 

Latinoamerikan, eta bereziki Txilen, distantzia gutxira dauden baina haien artean  oso desberdinak diren lekuak aurkitzen dituzu. Oso erakargarria da eta Che Guevarak egin zuenaren antzekoa da. Traszendentzia berezi bat hartzen du bidaiak jende oso desberdina ezagutzen duzulako, kolore eta usain desberdinak bizitzen dituzulako... Azken finean, kontinenteak aberastasun handia duelako.

 

Nola izan zen zure etxera, Getxora, itzultzea?

 

Bidaian nengoenean bizimodu sinple bat egiten nuen. Bizikletaz ibiltzen, jaten edo lo egiten ematen nuen denbora gehiena. Horregatik, bueltatu nintzenean, nire giroan nituen posesio askoren garrantzia minimizatu nuen. Orain dela gutxi, etxez mugitu nintzen nire familiarekin eta etxe berritik gauza asko kendu genituen konturatu ginelako ez zirela  beharrezkoak. Egunerokoari dagokionez, bizikleta tailer bat daukat eta nire sortea da ni nire jefea naizela. Orduan, nire seme-alabei eskolara laguntzeko eta nire denbora nahi dudan moduan kudeatzeko aukera daukat.

 

Abenturazaletasun hori transmititu nahi diezu zure seme-alabei?

Noski baietz. Ez ditut haien pausuak markatu nahi, baina bai orientazio lan bat egin erabakiak hartzeko momentua heltzen denerako. Esaterako, haien bidaiari-grina sustatzea gustatuko litzaidake, haiei transmititzea mundu asko dagoela eta beste kultura batzuk ezagutzeko aukera oso aberasgarria dela.

 

31 urtez etorkizuna eraikitzen

31 urte daramatza Jaiotza taldeak Txurdinagako auzoko umeen alde lan egiten. Jolasa, lana eta musika tresna gisa, naturarekiko eta besteekiko errespetuaren baloreak irakasten dituzte.

 

Jaiotza Txurdinagako Eskaut taldea da. Txurdinagako elkarte zaharrenetakoa da, eta azken 30 urteetako auzoko generazio guztiak bertatik pasatu dira.  Taldeak Birginetxe lokaletan dauka bere egoitza ezarrita.

      Elkartean zortzi gaztek, bi neska eta sei mutil, egiten dituzte monitore lanak. Neska-mutil hauek bolondresak dira, eta euren lanean sinetsi egiten dutelako egiten dutela diote. 70 umetaz egiten dira kargu astebururo euren egoitzan ospatzen dituzten tailer eta jokoetan. Hilero ere, mendira irteerak eta baita asteburu pasak ere antolatzen dituzte.  

 

Programa bereziak

Oporretan eta jai egunetan elkarteak programa berezia jorratzen du. Udan urteko ekitaldi nagusia ospatzen dute, umeentzako udalekua antolatzen baitituzte Burgosen. Zelai batean kanpamentua zerotik eraikitzen dute, eta bertan 15 egunez egoten dira. Umeek “bizitzeko” behar den guztia egiten dute. Horrela, talde lanaren, eta aldi berean, naturarekiko errespetuaren baloreak ikasten dituzte. 

 

     Honetaz gain, gabonetako oporretan, inauterietan, aste santuan eta bestelako jai egunetan musika eta dantza tailerrak, umeentzako erromeriak, txokolatadak, jolasak eta beste hainbat ekitaldi berezi ospatzen dituzte. Beti ere, umeek aisialdi osasuntsu bat izan dezaten.

 

Baloreen eredu

Markel Etxebarria auzoko 21 urteko gazte bat da eta bolondres lanetan dabil Jaiotza taldean. “ 8 urteekin hasi nintzen taldean. 17 urteretararte kide bezala ibili nintzen, eta 18 urterekin monitore bihurtu nintzen”. Monitore lana, Euskal Herriko Unibertsitatean jorratzen dituen kazetaritza ikasketekin konpajinatu beharra dauka. Skout taldeak ikasteko eta aisialdiko denbora asko kentzen dio. Hala ere, Markelek argi dauka, eta lan hau egitea benetan merezi duela uste du. “Mundu ezberdin batean sinetsi egiten dugulako gaude hemen lanean. Gure auzoko umeentzat etorkizun hobeagoa nahi dugulako.”

Jaiotzaren zapiaren koloreak

Osvaldoren tailerraren logoa bere bizikletan

Nagore Gonzalez

Osvaldo Navia

bottom of page