top of page

Argia? Metroaren amaieran

 

Metroko linea 3a 2016. urteko amaiera aldera bukatuta egongo da Eusko Jaurlaritzako kalkuluen arabera. Juan Mari Aburtok, ostera, ez da epeak zehaztera ausartzen, baina “konfiantza” duela esan du. Kontuz dabil Bilboko alkatea, batez ere kontuan hartuta obrekin egon diren arazo guztiak. Aurrekariak ez dira batere positiboak, baina antza denez, obrak epearen barruan doazen lehenengo aldia da.

 

     Auzokideak behingoz lasai gelditu ahal direla dirudi, nolanahi ere 7 urte pasa dira proiektua martxan hasi zenetik eta Txurdinagakoek kolore guztietakoak ikusi dituzte. Metroaren linea berriaren iragarpenak harrera ona izan zuen auzokide askoren artean, Santutxuko eta Boluetako geltokiak ez zeuden gertu eta eskaintza interesgarria zen auzoaren hazkunderako. Kontua da hasiera-hasieratik arazoak egon zirela. Lehenik eta behin, administrazio auzi batzuk zirela eta obraren hasiera atzeratu zen. Behin obrak hasita, hauek sortutako zarata eta zikinkeriagatik kexa asko egon ziren. Saihestezina azken hau, baina atzerapenak direla eta 7 urteetan zehar jasan beharreko eragozpenak izan dira. Bidean, obren leku-aldatzea, milioietako inbertsioa eta kritika mordo bat eraman behar izan dituzte sustatzaileek motxilan.

 

       Konpentsatuko duen ala ez ikustear dago, auzokide askok ez duela merezi izan uste dute jada. Dena den, agerian geratu dira berriz ere agintarien zailtasunak auzoko jendeen arazoak konpontzeko. Komunikazioa ez da existitu izan, auzokide plataformek ez baitute inolako feedback-ik izan udaletxeko, foru aldundiko edo jaurlaritzako ordezkariekin. Hori da larriena, entzungor agertu dira. Gutxienez, espero dugu arazoei dagokienez azken kapitulua hau izatea eta komunikazio-politikan egon diren gabeziak ahalik eta lasterren konpontzea.

bottom of page